Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - Diputación Foral

Harremana

GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea

GUFEren logoa

Korsikako ordezkaritza bat bisitan etorri da Bizkaira, iraupen luzeko zainketetan duen estrategia orokorra ezagutzeko

2024/11/04

Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldean hedatzen ari den Iraupen Luzeko Zainketetan Trantsizioa Sustatzeko Plana aurkeztu die Korsikako ordezkariei. Topaketaren barruan, Leioako Laguntza Zentroko bizikidetza-unitateak, etorkizuneko unitate soziosanitarioko obrak eta Gizatek zerbitzua (Bilboko Lersundi kalea) bisitatu dituzte.

Korsikako Gobernuaren (Korsikako Kolektibitatea) ordezkariek eta erakunde ekonomikoetako eta eremu soziosanitarioko erakundeetako kideek osatutako delegazio batek Bizkaia bisitatu du astearte honetan, foru-erakundea iraupen luzeko zainketen esparruan lurraldean garatzen ari den estrategia integrala bertatik bertara ezagutzeko. Topaketa horri esker, bi eskualdeek arreta-ereduen inguruan dituzten esperientziak trukatu ahal izan dituzte, eta Bizkaia izan da erreferentea, iraupen luzeko zainketen pertsonalizazioaren aldeko konpromisoagatik eta gizarte-zerbitzuen berrikuntzaren aldeko apustuagatik.

Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatuak egin dio ongietorria Bianca Fazi Korsikako Kolektibitatean Osasunaz arduratzen den sailburu exekutiboa buru izan duen ordezkaritzari. Gilles Simeoni Kolektibitateko presidentearen izenean jardun du. Leioa Laguntza Zentroan egin den bileran, Gizarte Ekintza Saileko taldeak Bizkaiko Foru Aldundia lurraldean hedatzen ari den Iraupen Luzeko Zainketetan Trantsizioa Sustatzeko Plana azaldu du. Pertsonalizazioa, autonomia, familia zaintzaileentzako laguntza eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonen ongizatea lehenesten dituen arreta-sistema integrala sustatzen duelako nabarmentzen da plan hori.

Berrikuntza Bizkaiko arreta-ereduan

Bisita horri esker, Korsikako ordezkariek gertutik ezagutu ahal izan dituzte Leioa Laguntza Zentroko bizikidetza-unitateak -arreta pertsonalizatuko espazio gisa funtzionatzen ari dira-, bai eta etorkizunean izango duen unitate soziosanitarioko obrak ere. Ondoren, ordezkaritza Bilbora joan da Gizatek zerbitzua bisitatzera (Lersundi kalea 14). Zerbitzu horrek laguntza-produktuak eskuratzeko aukera ematen die herritarrei, autonomia pertsonala sustatzeko eta etxean geratu ahal izateko. Zerbitzu horri esker, gainera, Bizkaiak baliabideak optimizatu ahal ditu, eta zaintzaileen gaineko karga murriztu, mendekotasun-egoeran dauden pertsonei laguntzeko sarea indartuz.

Itzuli

© 2024 GUFE